Katalana unibertsitatean

Katalana arrunki erabiltzen da da Kataluniako unibertsitateetako irakaskuntza- eta administrazio-jardueran. Unibertsitateetako estatutuek katalana berezko hizkuntza gisa onartzen dute, eta gaztelania katalanarekin bizikidetzan dagoen hizkuntzatzat hartzen dute, unibertsitate-komunitatean eskubide berberak dituztela.

Irakasleek eta ikasleek, edozein irakaskuntza-egoeratan, nahiago duten hizkuntza ofizialean mintzatzeko eskubidea dute.

Katalanaren hizkuntza-esparruaz kanpoko ikasleentzat, katalana ikastea askoz errazagoa da aurretik beste hizkuntza erromanikoren bat ezagutzen badute. Unibertsitate guztietan prestakuntza doakoa edo diruz lagundua eskaintzen da, sarritan ikastaroa hasi baino lehen, ikasleei eskoletako, unibertsitateko eta, azken batez, hiriko hizkuntza ulertzea ahalbidetzeko. Ez zaie katalanez hitz egitea eskatzen, ulertzeko gai izan daitezela baizik.

Gutxi gorabehera, unibertsitateko eskolen % 60 katalanez ematen da. Ikasgai bakoitzean erabiltzen den hizkuntza irakaskuntza-gidetan agertu ohi den informazio publikoa da. Unibertsitate gehienetan, ez daude bi lerro (bata katalanez eta bestea gaztelaniaz), kanpoko ikasleentzat; alegia, ikasle katalanek eta kanpotarrek elkarrekin ikasten dute, eta hori aberasgarria da guztientzat.

Halaber, unibertsitateetan atzerritarrentzako espainiera-ikastaroak eskaintzen dira, baina hori ez da beti doakoa edo diruz lagundua izaten. Gero eta gehiago, Kataluniara iristen diren ikasleek espainiera behar bezala hitz egiten dute eta, nolanahi ere, hobetu egin dezakete. Hala ere, egonaldia katalana ezagutzen hasteko aprobetxa dezakete.

Merezi du unibertsitate guztietan eskaintzen diren harrera-programak aprobetxatzea. Horietan, ongietorri-festak eskaintzen dira, orobat ikaslea ikasten ari den hizkuntza praktikatzeko hizkuntza-bikotea aurkitzea edota irteera kulturaletan parte hartzeko aukera.

Ez baduzu gure hirietako bizitza soziala eta kulturala galdu nahi, on egingo dizu katalana ikasteak, berehala sentituko baitzara komunitateko zati, eta programatzen diren jarduera ugarietan parte hartu ahal izango baituzu. Behin katalan pixka bat ikasi duzunean, praktikatzeko aukera ugari izango dituzu, bai unibertsitatean eta bai unibertsitatetik kanpo.